contacto

I     Portada     I     El Partido     I     Ideología     I     Historia     I     Actividades     I     Prensa     I     CAMPAÑA2008

 

 
 
Gustavo Quilaqueo Wallmapuwen alderdiko burua
«Ekintzaileen lana eskertzen da, baina maputxeak ez gara 'basati ona'»

· Txileko eta Argentinako estatuen menpe dituzten lurrak berreskuratu baino haratago, herria izan nahi dute maputxeek, nazioa. Aralarren eskutik izan da Gustavo Quilaqueo (Teodoro Schmidt, 1966) Wallmapuweneko presidentea Euskal Herrian.

VIERNES 25 DE JULIO 2008 - POR LEIRE VENTAS


amulzugun / + noticias
 

 

 

ver archivo

 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

EUSKAL HERRIA.- Nazioarteko elkartasuna eta estatuen diru laguntzak gainditu eta politikagintzan parte hartu. Horixe du helburu Wallmapuwen Txileko Alderdi Nazionalista Maputxeak. Eta hori bideratzeko, hainbat alderdiren esperientziak ezagutu eta haien babesa lortzeko, biran izan da Europan zehar. Aralarren eskutik izan da Gustavo Quilaqueo (Teodoro Schmidt, 1966) Wallmapuweneko presidentea Euskal Herrian.

- Europan egiten ari zareten biraren barruan etorri zarete Euskal Herrira. Lehen harremana da?

Bai eta ez. Bi helburu ditu bira honek. Bata, aurretik ezagunak genituen alderdiekin harremana sendotzea; Kataluniako ERC Esquerra Republicana de Catalunyarekin eta Galiziako BNG Bloque Nacionalista Galegorekin, kasu. Eta bestea, harreman politiko berriak sortzea. Bide horretatik, Galesko Plaid Cymrurekin, Ipar Irlandako Sinn Feinekin eta Aralarrekin bildu gara.

- Alderdi abertzaleak dira guztiak.

Hori da guztien ezaugarri komuna. Nazionalistak, autonomistak edo independentistak dira. Guztiek eskubideen aldeko borrokan dihardute, demokrazia da haien apustua eta elkarrizketa estrategia politikoaren giltzarria. Guztien esperientzia ezagutu nahi izan dugu.

- Eta Euskal Herriaren esperientzia historikotik zer jaso dezake herri maputxeak?


Nazio eskubideen aldeko borroka, eta, bereziki, hizkuntza indarberritzeko prozesua. Maputxeak Espainiako Koroaren menpeko izan gara, eta Txileren eta Argentinaren menpe gaude orain. Mapuzungun hizkera kendu eta gaztelania ezarri ziguten. Beraz, gure aldarrikapenetako bat hizkuntza berreskuratzea da, eta bere garaian ofiziala izatea.

- Mapuzunguna erabiltzen al da?


Azken ikerketaren arabera, gure herriko %30ek baino gutxiagok erabiltzen dute. Horietatik %20k ulertu eta hitz egiten dute, eta beste %10ek, ulertu besterik ez. Gainera, ez dauka erabilera publikorik, familiartekoa da. Guk mapuzunguna lurralde maputxeko hizkuntza ofiziala izan dadin nahi dugu, gaztelaniaren parean.

- Zein dira beste aldarrikapenak?


Historikoa, lurrari lotutakoa. XIX. mendean Txileko eta Argentinako gobernuek menpean hartu gintuztenean, lur eremu txikiago batean kokatu gintuzten. Eta hori, maputxe populazioa hazten joan den heinean, biziraute eta pobrezia arazo bilakatu da. Eta ez hori bakarrik. Lurrak alde ekonomikoa garatzeko aukera ematen die herriei, baina baita mundu ikuskera garatzekoa ere. Beraz, lurraldea aldarrikatzen dugunean, lur horretako elementu materialak eta sinbolikoak aldarrikatzen ditugu. Horretaz gain, hizkuntza eskubidea eta beste kultur eskubideak aldarrikatzen ditugu. Baina, batez ere, parte-hartze politikoa eta autodeterminaziorako eskubidea.

- Horretarako ari zarete alderdi politikoa osatzen.


Bai. 1910ean osatu zen lehen erakunde maputxea, gure lurra galdu ostean. Lurraldetasuna eta politikan parte hartzeko eskubidea aldarrikatzen zituzten, baina Txileko alderdien barruan egiten zuten borroka. Guk geuk eratutako eta kudeatutako erakunde baten bidez hartu nahi dugu parte politikagintzan, Wallmapuwen alderdiaren bitartez, historiako lehen alderdi maputxearen bidez.

- Legezko izateko bidean zarete.


Hala da. 2006an oinarrizko printzipioak eta programa politikoa osatu genituen, eta iazko azaroaren 24an aurkeztu genuen alderdia. Eta orain, existitu ahal izateko, 5.000 sinadura lortu behar ditugu. Hala eskatzen du legeak, diktaduraren ondare den sistemak. Eta oso gaitza da hori. Prozesuari ekin eta zazpi hilabete eta hiru egunen buruan eskuratu behar ditugu, gutxienez hiru eskualdetan (Araucanian, Los Lagosen eta Los Riosen).

- Eta nola daramazue?


Oraindik ez gara hasi sinadurak biltzen. Bilerak, tailerrak eta halakoak egin ditugu, kontzientzia sortzeko. Eta pare bat mila lagunengana iritsi garela esan dezaket. Bestalde, Wallmapuwen ez da alderdi etnikoa. Ez zaie maputxeei soilik zuzentzen. Wallmapun -maputxeen lurraldea- bizi den orori zuzentzen zaio: maputxeei eta maputxe ez direnei.

- Ikuspegi indigenistatik haratago joan nahi duzue, beraz.


Horixe. Garrantzitsua izan zen bere garaian ikuspegi indigenista hori, ageriko egin baikintuen. Baina orain indio izatetik indigena izatera pasa gara. Estatuarentzat berezitasun kulturalak dituen giza talde bat gara, eta pobrezia arazoa daukagu. Hala, diru laguntzak bideratzen dizkigute. Baina ez gaituzte herri moduan ikusten. Horregatik osatu nahi dugu Wallmapuwen alderdia. Eta horrekin ez dut esan nahi maputxe guztien bozeramaile izango garenik. Parte hartzeko tarteak zabaldu behar dira. Eta hori lortu ondoren etorriko da aniztasuna, bestelako ezaugarriak dituzten alderdiak sortzeko aukera. Orain, beraz, tresna politikoa sortzeko garaia da eta harreman politikoak izatekoa. Horregatik, bira honetan alderdi politikoekin baino ez gara bildu. Ekintzaileek eta babes taldeek beren lana egin dute, baina jada ez dugu nahi basati ona bagina bezala ikus gaitzaten. Herri bat gara, eta autodeterminazio eskubidea eskatzen dugu.

- Maputxe komunitatearen barruan herri kontzientziarik ba al da?


Kontzientzia argia dago. Ez dut esan nahi maputxe guztiek dutenik, baina errazago topatuko duzu txiletarra eta maputxea dela esango dizuna, bere burua indigenatzat daukana baino.

- Sarritan leporatu izan diozue Txileko presidente Michelle Bacheleti herrialdetik kanpora maputxeen errealitateri dagokionez desinformazio kanpaina egitea.

Presidenteari ez, Gobernuari orokorrean. Txile nazio bakarra balitz bezala definitzen da, hizkuntza bakarra dagokiona: txiletarra, gaztelania, alegia. Baina Bachelet presidenteak, Europan hitz egiten duenean, Txilek «herri indigenen eskubideen arloan» aurrera egin duela esaten du. Praktikan ez da hala. Ez dago eskubide horiek bermatzen dituen tresna juridikorik.

Bestalde, demokrazia ezarri zenez geroztik azken bi gobernuetan izan dugu maputxeok errepresio handiena. Ricardo Lagosen gobernua izan da Pinochet osteko Txilen terrorismoaren kontrako legea ezarri duen bakarra, buruzagi maputxe baten kontra. Eta poliziek bi gazte maputxe ere hil dituzte, bata Lagosen agintaldian eta bestea Bacheletenean. Horiek hala, maputxeez atzerrian ezagutzen dena ez da Gobernuari esker ezagutzen, nazioarteko elkartasunari esker baizik.

Fuente: www.berria.info

 

+  Wallmapuwen consolida alianza política en Bretaña

+ Histórico encuentro de Wallmapuwen con Sinn Féin

+ Quilaqueo se reunió con Jefa Ejecutiva de Plaid Cymru

+ Agenda incluye reuniones con partidos en Irlanda del Norte, Gales, País Vasco y Catalunya

+ Gustavo Quilaqueo inicia gira política por Europa

 

Volver Portada

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

© 2008 Partido Mapuche Wallmapuwen